2017-06-19

URKIOLAN MENDIBUELTA

Pasa den igandean ikusten duzuen koadrila eta argazkilaria (ni neu) Urkiolara joan ginen goiza pasatzera. Eguraldia lagun izan genuen, nahiz eta hasiera batean lainotuta egon, argazkian ikusten den bezala lainoak zeharkatu ostean eguzkia izan genuen nagusi, hodeiak gure oinetan utziz.
Urkiolako santutegitik Urkiolamendi igo genuen eta hortik pol-poleko iturrira jaitsi ginen. Bertan freskatu ostean, Larranoko lepora igo ginen, mendilerro zoragarri honen ipar-aurpegia ikustera. Bertan fruta pixka bat jan ondoren, berriro pol-polera jaitsi ginen ganorazko hamaiketakoa egitera, berbalagun bik patata tortilla ekarri baitzuten!!
Bapo jan eta gero, apurka-apurka itzuli ginen santutegira, goiz itzelaz gozatu eta gero.


2017-06-09

URKIOLAN MENDI BUELTA

Eguraldi ona aprobetxatuz, igande honetan Basauriko mendi taldeko berbalagunak Urkiolara joango gara goiz-pasa. Ziur aski ikasturteko azken mendi irteera izango da, hortaz, animatzen zaituztegu gurekin egun pasa egitera etortzera!! Goizeko 8:30etan Basauriko udaletxearen parean geratuko gara, eta kotxez Urkiolaraino joan eta gero, bertatik 3-4 orduko mendi-ibilaldi lasaia egingo dugu. Ibilaldi erraza izango da, adin eta maila guztietako pertsonentzat egokia. Kotxera itzuli aurretik hamaiketako ederra egingo dugu, eta espero dugu bazkalordurako Basaurin egotea!! Mendiaz eta euskaraz gozatzeko aukera paregabea izango dugu, Mari gure Jainkosaren zaintzapean! Anima zaitezte, parajeak merezi du eta! Praktikatu eta bizi!!

2017-06-05

MOZOILO EGUNA

Aurten, ikasturte amaierako bazkaria antolatu beharrean, Mozoilo egunaren bigarren ediziora joan gara Galdakaoko 20 berbalagun.


Jai herrikoi honetan herriko elkarte eta norbanako askok hartzen dute parte, eta Galdakaoko Berbalagunek ere bere aletxoa jarri nahi izan du geure kultura, ohiturak eta hizkuntza sustatzeko asmoz sortu zen egun polit honetan. Bazkaltzera joan gara, baina baita euskararen aldeko mezua zabaltzera ere.
Hona hemen gure berbalagunak "Praktikatu eta bizi" dioen pankartari eusten, bertaratutako gainontzeko galdakoztarrek gure pegatina eskuetan dutela. Egitasmoan parte hartzeko gonbitea ere utzi dugu mahaietan, mezu baten bidez. Ea besoa altxatu duen horietako baten batek pankartari heltzen dion datorren urtean!

Baina eguna ez da bazkarian amaitu, ez horixe! Terraza batean pilak kargatu ostean, EZ3 taldearen kontzertu akustikoaz gozatzen jarraitu dugu, Zarama, EH Sukarra, Urtz, Baldin Bada, Hertzainak eta beste hainbat talde mitikoren bertsio ederren erritmora. Taberna lepo eta jende guztia gure mezua paparrean eta begien aurrean.

Eta ostiraleko berbalagun gehienak ezin izan zirenez bazkarira joan, kontzertua ikusteko eta urte osoko botearekin afaltzeko geratu ziren txoko batean. Mozoilo egunean parte hartu duzuen guztioi, baina, batez ere, bazkarian, bazkalostean eta afarian egon zareten hiru ausartei bi hitz baino ez: Biba zuek!!!

2017-05-29

PIRAGUAK BILBON-KRONIKA


Giro ederra zapatuan Bilboko itsasadarrean barrena eduki genuena! Errepikatzeko modukoa!
Goizeko 10etan Basaurin geratu eta gero, metroz joan ginen San Mameseraino, eta handik oinez Bilboko Itsas-museoaren parean dagoen Bilbobenturaren espaziora. Aldageletan bainujantzi eta txankletak jantzi ostean, uretara sartu baino lehen Markelek piraguei eta arraunei buruzko azalpen batzuk eman zizkigun, gero uretan nola jokatu argi izateko.
 Behin teoria argituta, uretara sartzeko unea iritsi zen, eta bertan ikaragarri gozatu genuen, piraguetan ibiltzeaz gain, Bilboko leku esanguratsuenetako istorioak ikasi, jolasak, uretara saltoak...egin baikenituen. Itsas-museotik hasi eta udaletxeraino joan ginen, eta hortik berriz ere buelta...2 orduko kontua, partaide guztiei labur geratu zitzaiena!!! Gustura egon ziren seinale!
Partaide guztiek nabarmendu zuten oso interesgarri eta dibertigarria izan zela, ongi pasatzeaz aparte, Bilboko ikuspegi desberdin bat ezagutu zutelako.
Ahaztu gabe, milesker Bilbobenturako arduradun Txomini, gurekin hain adeitsu jokatzeagatik, eta nola ez, gurekin aritutako Markel monitoreari, egonaldia hain entretenigarri egiteagatik, eta guzti-guztia euskara jator eta argian!! Eskerrik asko guztioi!! Datorren urtean itzuliko gara, ekintza errepikatzekoa izan baitzen!
Praktikatu eta bizi!