2012-12-27

URTEARI AMAIERA EMATEKO... DANOK GORBEIARA!!



Hurrengo igandean, abenduaren 30ean, goizeko 8:00etan geratuko gara Basauriko Benta auzoko autobus geltokian giro euskaldunean urteko azken txangoa egiteko.

Kotxeetan banatu eta Arratia alderantza joko dugu , gure xedea Gorbeiako gurutzea izango dela.

Animatu eta etorri gurekin!!!

2012-12-26

TXIRRI, MIRRI ETA TXIRIBITON

"40 URTE ETA GERO HAU"

Hiru pailazoak xelebreak dira dudarik gabe, baina bakoitzaren nortasuna ondo definituta dago. Txirri jakintsua, dotorea, eta azkarra. Mirri bihurri hutsa, inbidiatsua eta zirikatzailea. Harroxkoa gainera. Txiribiton, aldiz, ogi pusketa gozoa, samurra eta adiskide leiala. Hirurak beti elkarri zirika eta elkarrengandik urrutiratu ezinik. Horixe da beren arrakastaren iturburua: hirurak elkartzen dituen adiskidetasuna.


Non: Basauriko Sozial Antzokian
Noiz: abenduaren 29an, larunbata
Ordua:     17:00 lehen  saioa
                 19:00 bigarren  saioa
Prezioa: 6 euro

ZORIONAK ETA URTE BARRI ON!


BASKOT GAUA

Pasa den abenduaren 15ean Baskot gaua ospatu genuen Basaurin. Gabonetako jaitxo honetan kapela janzteko ohitura hartu genuen orain urte bete, eta oraingoan kapela benetan deigarri eta bitxiak ikusi genituen: komekokosa eta fantasmatxoak, Gabon arbolak, tartak... eta baita "Korrika" logodun kapelak ere.

Hasieran eguraldiak lagundu ez arren, poz-pozik eta ondo pasatzeko gogoz geunden danak. Tabernan estu-estu ibili ginen hasiera baten, gure musikari maitiak zer kantatuko zain. Baina dena ez zuten haiek kantatu beharko! Geuk ere geure eztarri finak berotu beharko, eurek jotzen zuten doinu horien erritmoa ondo baino hobeto jarraitu ahal izateko.

Hasierako abesteko lotsa hori gaindituta, ederto baten ibili ginen mikrofonoa eskuan, ea zeinek hobeto egin. Batzuek behin baino gehiagotan hartu zuten mikroa abesteko! Horrek be adikzioa sortuko ote dau? 

Eta noski, abesten jarraitzeko indarberritu beharra! Zer hobe txorizo, pernil, tortila... eta mokadutxo batzuk hartzea baino, berriro ere kantatzea eta dantzatzeari ekin baino lehen.

Indarrak hartu eta gero berriro ekin genion  eta ordu txikiak arte ibili ginen kanta eta dantza gelditu gabe, horrela etxera heltzean lo gozoak hartzeko.

Aurtengoan oso kapela politak ikusi ditugu. Baina hasi buruari eragiten datorren urtean aurtengo marka gainditu beharko da eta!

2012-12-21

BERTSO SAIO MUNDIALA










 
Abenduaren 23an, 18:30ean


Torrezabal Kultur Etxean


Prezioa: 6€, 4,5€ (bazkide eta gazteek)
 
 
 
 
 
Urtero legez, Galdakaoko gabonetako bertso saioa gainean dugu.
 
Oraindik Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren ajea kendu barik, herriko bertsolaria dugun Arkaitz Estiballes txapelduna gai-jartzaile arituko da.
 
Gainerokoak, zein baino zein hobea:
 
 
Durangotik, Igor Elortza txapeldun handia
 
Zumaiatik, Jon Maiaren irudimen poetikoa

Urruñatik, Sustrai Colina pikaroa

Oiartzundik, Alaia Martinen gaztetasuna

Albizturtik, Anjel Mari Peñagarikano "Galdakaoko bertsolari kutuna"

Durangotik, Unai Iturriaga bere ironia finarekin


NORK ESAN DU GABONAK TRISTEAK DIRELA?

ETORRI TORREZABALERA ETA IKUSIKO DUZUE!!!
 

2012-12-20

PRINTZEA ETA AHATEA



Abenduaren 22an, 17:00etan

Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean

Prezioak: 3€ (umeak), 5€ (helduak)



Istorio hau hain da txikia, gaztelu bat, zuhaitz bat eta etxetxo bat baino ez dituela behar. Baina istorio txiki honek kontu handiez hitz egiten du. Bertan, elkarbanatzeko eta jolasteko lagun bat edukitzea baino gauza dibertigarriagorik ez dagoela ohartuko dira bi pertsonaiak. Eta lagun bat edukitzea baino gauza handiagorik ez dagoela konturatuko dira.



“PRINTZEA ETA AHATEA" ipuinean printze baten istorioa kontatzen zaigu; 10 urte besterik ez duen haurra da, eta heziketa zurruna izan du, zurrunegia. Gaztelu txiki bat gobernatzeko aukera sortzen zaionean, despota eta anker agertzen da dituen menpeko gutxien aurrean, eta horien artean dago Maddi, bere adineko neskato bat.

Maddik printzeari aurre egiten dio, eta sekula izan ez duen zoriontasuna bere arau zurrunetatik kanpo dagoela jabearaztea lortzen du. Izan ere, zoriontasuna hezi duten oskoletik harago dago. Kementsua izaten lagunduko dio, ordura arte ukatu dioten zoriontasuna noizbait lor dezan.


ANIMA ZAITEZTE, GALDAKAOKO AITATXU ETA AMATXU BERBALAGUNOK!!!

2012-12-10

"HIRIAK ETA NOBELA BELTZA"


Jon Arretxeren azken nobeletan oinarritutako hitzaldia. Morto Vivace, Fatum, Xahmaran eta Tangerko ametsak. Esperientzietan inspiratu, nahiz idazteko erabili dituen baliabidez jardungo da Arretxe. Gainera, nobeletako protagonistak diren hiri horietako irudiak erakutsiko ditu.


Eguna:   abenduaren 12an, asteazkena
Ordua:   19:00etatik 20:30era arte
Lekua:   Pozokoetxeko Kultur Etxea

Animatu eta etorri!!! Debalde da eta!!!

ASTELEHENETAKO BERBATALDEA EUSKARAREN EGUNA OSPATZEKO AFARITXOA

Euskararen eguna zela eta poteoan gustura ibili ostean, afaltzera joan ziren asteleheneko berbataldekook! Ederto pasatu genuen eta hurrengo egunean lanera joan behar bagenuen ere, eguna bukatuta itzuli ginen etxera.



Gustua ematen du horrelako talde animosoarekin afaltzeak!!! Gora zuek koadrila!!! Egunero ospatu euskararen eguna! Egunero gosaldu, bazkaldu eta afaldu euskaraz!

BASAURIN BE BAGARA

Pasa den abenduaren 2an, goiz-goizetik, hainbat berbalagun aritu ginen gora eta behera egun horretan euskararen aldeko 12 orduko maratoian egin behar ziren ekintzetan parte hartzen... eta, noski, ederto pasatzen.

Goizetik mendira joan zein bizikleta gainean igo ziren berbalagun batzuk, eta gelditu barik ibili ziren arratsaldeko 8etan maratoitxoa bukatu zen arte. Jakin badakigu, berbalagun batzuk egun horretako zirrara barruan, goizeko ordu txikiak arte ospatu zutena.

Eta Basaurin berbalagunok be bagarela erakutsi genuen! Eta aurreko ostiralean Kantukan hainbestetan entsaiatutako kanta gogotsu abestu genuen, dantza eta guzti arratsaldeko 7etako ordu aldaketan!!!



Gogoratu euskaren eguna egunero dela! Eta egunero 24 orduko maratoia egitea dela euskaldun guztion helburua!!! Beraz, badakizue... hurrengo abenduaren 3a arte segi maratoian!!! Bizi zaitezte euskaraz!!!

2012-12-04

BERBALAGUNON JAIA eta KANTUKA

Pasa den ostiralean hainbat berbalagun elkartu ginen Basaurin berbalagunak garela eta euskaraz ederto pasatu nahi dugula argi eta ozen esateko. Bertan eskualdeko berbalagunak elkartu ginen, Galdakao eta Basaurikoak.



Elkar ezagutzeko aukera polita izan zen, baita urte hauetan zehar egindako hainbat argazki ikustekoa ere. Bertan ibili ginen mokadutxua eskuan eta solaskideak alboan argazkiei adi-adi, ager litezkeen aurpegi ezagunak ikusteko zain.



Mokadutxoari bukaera emateko guztion artean topa egin eta kalera irten ginen, bertan ere bagarela ikus zedin, eta, noski, kantuka hitzordura orduan ailegatzeko asmoz.


Negua gainean dugu ,eta nahiz eta hotzak estutu, poz-pozik elkartu ginen betiko tokian eta betiko orduan kantutegia eskuan eztarriak berotzen hasteko asmoz. Oraingoan gure herriko bertsolari den Aratzek prestatuako bertsoarekin eman genion hasiera saioari.


Musikariek ederto girotu zuten gaua, eta oso gustura ibili ginen eurek irakatsitako kantekin. Eguraldiak lagundu ez zuen arren gauerdia arte ibili ginen kantuan. Ordu horietan zehar hainbat aldiz entsaiatu genuen  igandean kantatu beharko genuen "Basaurin be bagara" kanta eta egindako ahaleginek fruitua eman zuten. Eta bukatzeko Aratzek prestatutako bertso bera kantatu genuen berriro ere. 

Hemen daukazue hemendik aurrera hasteko eta bukatzeko kantatuko dugun bertsoa; beraz, oso ondo entsaiatu hurrengoan ederto gera dadin!!!

Basaurin Kantuka
Doinua: Habanera
Kantatu nahiko genuke
Prosan edota puntuka
Euskaldunon abestiak
Espain ertzean gomuta
Horregatik gatoz hona
Kaleak okupatuta
Euskaldun zahar eta berri
guztiak elkar hartuta
Ez geratu kale ertzetik
Begiratuz harrituta
Etorri zaitez gurekin
Lotsak erabat galduta
Euskaraz kantatuz ondo
Pasatzea nahi dugu-ta
Ongi etorri laguna,
Hau da “Basaurin Kantuka”