2013-11-29

BASAURIN BE BAGARA

Basaurin be bagarelako asteburu honetan euskarak izugarrizko presentzia izango du gure herrian. 

Gaurko plan politak daudela gogoratu:

Gaur, Pintxo potea ZIRZIRA AHOTS TALDEArekin Pozokoetxeko tabernetan. 20:00etatik 22:00etara.

Euskararen aldeko BERTSO AFARIA Txarraska gaztetxean. 21:30ean.


Bihar, azaroak 30, Kareaga auzoko pintxo potearekin batera PINTXO KANTU POTEO euskalduna!


 Eta igandean denak kalejiretan parte hartzera. Sei kalejira ezberdin egongo dira. Zuek aukeratu zeinetan hartuko duzuen parte, baina kolore horiek erabilita zuon leiho eta balkoiak atondu!!!




Hauxe izango da abenduaren 1ean egingo dugun ibilibidea
  • KALEJIRA BERDEA
Hernan Cortes plaza-Lapurdi kalea-Ixatxak parkea-Elizondo kalea-Taberna Nagusia-Gernika kalea-Abaroa kalea-Kareaga Goikoa kalea-Segovia kalea-Luis Petralanda kalea-Nagusia kalea (kale honen zati bat KALEJIRA MOREArena ere bada)-Antonio Fernandez kalea-Solobarria
  • KALEJIRA ARROSA
Jose Etxegarai-Agirre Lehendakaria kalea
  • KALEJIRA HORIA
Artunduaga Kiroldegia-Kantalazarra parkea
  • KALEJIRA ARROSA-HORIA ELKARREKIN
Arizko zubia-Arizko Dorretxea-Catalunya kalea- Galizia kalea-Doktor Fleming kalea-Soloarteko parkea-Soloarte kalea-Menendez y Pelaio kalea-Balendin Berriotxoa kalea-Resurreccion Mª Azkue kalea-Agirre Lehendakaria kalea (beherantz)-Bingen Anton Ferrero kalea-Nagusia kalea-Solobarria (metroaren sarreratik)
  • KALEJIRA MOREA
Basozelaiko Gizarte Etxea-Basozelai kalea-Udaletxea-Arizgoitiko plaza-Nagusia kalea (kale honen zati bat KALEJIRA BERDEArena ere bada)-Autonomia kalea-Begoñako Andra Mari kalea-Araba kalea-San Isidro plaza-Juan XXIII kalea (kale hau KALEJIRA LARANJArena ere bada)-Solobarria
  • KALEJIRA URDINA
Kareaga Gizarte Etxea-Karmelo Torre kalea-Kareaga Goikoa kalea-Juan Ibargutxi kalea-Bidearte kalea-Foruak kalea-Agirre Lehendakaria kalea-Nafarroa kalea-Uribarri kalea (kale hau KALEJIRA LARANJArena ere bada, baina kontrako norabidean; LARANJAN hasieran eta URDINEAN amaieran)-Solobarria (batzokitik)
  • KALEJIRA LARANJA
Baskonia zubia-Matxitxako kalea-Bizkotxalde parkea-Uribarri kalea (beherantz)-Madril plaza-Arratia Ibarra kalea-Erronkari Ibarra kalea-San Biator kalea-Juan XXIII kalea (kale hau KALEJIRA MOREArena ere bada)-Solobarria
Edozer erabil dezakegu: puxikak, arropak, izarak… eragin buruari, merkeena da eta!

BENITO LERTXUNDI: "OROIMENAREN ORAINA"

Gaur Benito Lertxundiren kontzertua izango da Sozial Antzokian arratsaldeko 20:30ean. Aspaldi bukatu ziren sarrerak; beraz polito egongo da.

Harrigarria izaten da askotan, patuak duen indarra! Batzuetan, apartekoak diruditen bi historia, bi pertsona, gurutzatzen dira, zergatia zehazki jakin gabe, ezkutuan idatziriko historia batean loturik baleude bezala, bien artean, horrela, historia berri bat osatzen dutelarik. Oraingo historia honek bi protagonista ditu: Mireia Berenguer eta Benito Lertxundi. Mireia katalana da, Ripollet herrian jaioa, 29 urte ditu eta duela 9 bat Euskal Herriaz maitemindu eta han dena utzirik, honuntza abiatu zen. Hemen topatu zituen lehen erreferentzietakoak, nola ez, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi izan ziren. Ez zihoan, bada, desbideratuta. Bere kezka, bere ardura, bere dedikazioa, bere bizitza azken batean, arazoak dituzten gazteen artean dago eta, hori dela eta, Hondarribiko Goikoerrota deritzan Errota zaharreko egoitzan arreta berezia behar duten gazteentzat batipat, natureskolaren proiektoaren garapenean buru-belarri dabil. Duela aste batzuk, eguzkia sortu aurretik, bapateko intuizio batek gidatu zuen Jaizubiako marismetako bidea hartzera eta hantxe, goizaldean, lehen printzeekin batera, laino artean topatu zuen enkoadreak harrapaturik, argazki bat atera zion, zertarako oso ondo jakin gabe. Argazkian dastatu daitekeen giro lasai bezain enigmatikoak barrutik harrapatzen gaitu eta barne munduan murgil gaitezen, gonbite dultzea, misteriotsua eta dotorea luzatzen digu. Egun horretan, bere lagun batek, argazkiaren magiaz oharturik, ETB-ko eguraldiaren tartera bidaltzea deliberatu zuen (EITB.com), gauean Benito Lertxundiren arreta bereganatuko zuela inondik ere susmatu gabe. Benito Lertxundi kantaria, bitartean, bere disko berriaren lehen urratsak ematen ari zen eta kantuen azken xehetasunak bukatzearekin batera, diskoa bera, hala nola horren komunikazioa ere bilduko zituen irudiaren bila zebilen. Argazkia telebistan ikusi zuenean, ez zuen zalantzarik izan. Huraxe zen bere lan berriaren mamia hoberen marrazten zuen irudia: misterio eutsia, edertasun goiztiarra, bakardade gozoa eta basatia. Mireiak, bitartean, bere proiektoan jarraituko du gogor (goikoerrotanaturguneanaturescola.blogspot), intuizioak eta patuak bere bihotzeko proiektoaren zortea bideratuko duten esperantzan.

2013-11-28

ABENDUKO AGENDA

Abenduaren 12an, aurreko agendak ez zekarren Gartxot filmaren emanaldia egongo da Pozokoetxe kultur etxean 19:00etan.

2013-11-21

ORREAGA IRITIZI TALDEAK GALDAKAON ANTOLATUTAKO HITZALDIAK


AZAROAK 21. 19:00ETAN Gandasegi eskolan

"XXI.mendeko Euskal Herria euskaldun! Eta horretan nik zer?"

AZAROAK 29. 20:00ETAN Andra Mari dantza taldearen lokalean

"Euskal matriarkalismoaren teoria"

AZAROAK 4. 18:30EAN Galdakaoko AEK euskaltegian

"Euskal kantua"

2013-11-20

GIRO POLITA BASAURIKO AURKEZPENAN!

Pasa den ostirakean aurkezpen festa polita izan genuen. Bertan Basauriko berbalagun egitasmoan parte hartzen duten hainbat eta hainbat kide elkartu ziren, urteetan zehar berbalagun izandakoak, baita aurten hasitakoak ere. Elkar ezagutzeko aukera polita izan zen, errepikatzeko modukoa!
Gure berbalagun bertsozalea den Aratzek bertso sorta polita prestatu zuen aurkezpentxoari hasiera emateko. Berbalagunek urte hauetan zer eskaini dion kontatu zigun bertsoetan. Baita bertan zer egiteko aukera dagoen...


 Jarraian bideotxo polita ikusi genuen, berbalagun zer den argi uzten duena. Argazki batzuk ikusteko aukera polita izan genuen gainera...




Jarraian talde ezberdinetan parte hartzen duten berbalagunak elkar ezagutzeko unea heldu zen, eta horretarako euskaldunoi horrenbeste gustatzen zaigun mokadutxoa izan genuen. Tripa beteta eta kopa eskuan askoz errezagoa baita harremanak egitea. 




Eta hori gutxi balitz, bukatzeko tabernak antolatutako kontzertutxoa ikusi ahal izan genuen. Ordu betez Josu Bergararen ahotsaz eta bere abestien hitzez disfrutatu genuen.

Benetan ondo pasatu genuen eta berriz ere elkartzeko irrikitan gaude. 

Ba, lasai ibili berbalagun maitiak!!! Gabonak gainean ditugu eta ziur Olentzerok danok elkartuko gaituela!

2013-11-14

GALDAKAOKO AURKEZPEN FESTA

Itzela, zoragarria, sekulakoa, primerakoa...atzoko aurkezpen festa hitz gutxitan, baina zehatz definitzeko, euskaltegietan erabili ohi diren sinonimo zerrenda luze horietakoa etorri zitzaigun gogora atzo bertaratu ginen asko eta askori. Jendetsua eta dibertigarria, beste ezeren gainetik.

Aspalditik egitasmoan parte hartzen duten berbalagun piloaz gain, herriko jende asko hurbildu zen aurreikusten zen festa giroak erakarrita. Taberna lepo, lagun gehienak zutik...seinale ona!

Barry Manley-k txapela kentzeko moduko ikuskizuna eskaini zigun: "Irish in Euskal Herria".
Bakarrizketalari hobeak egongo dira munduan, baina nekez aurkituko dugu gure egitasmoak zabaldu nahi duen mezua hobeto adierazten duenik. Jator, gogotsu eta zirikatzile. Eta, horrelakoetan, jendearen erantzuna ere parekoa izaten da.

Jaia amaitzeko, pintxoak eta edaria guztiontzako eta Barryren "Show-a" denon ahotan agur esan genion elkarri, ahaztea kostatuko zaigun arratsalde-gaua askotan errepikatuko den itxaropenez.


2013-11-12

GALDAKAOKO BERBALAGUNOK GERNIKAKO BERTSO SAIOAN



Egun zoragarria pasatu genuen joan den larunbatean Gernikan.

Goizeko 12:00etan, motorrak berotzeko pote batzuk hartzen hasi ginen, euskal kantutegia eskuan genuela. A ze abesbatza Gernikara joandakoa!

14:30ean bertso saioak erakarrita jendez gainezka zegoen tabernan bazkaldu genuen kantu eta bertsoz animaturik.

Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, giroa itzela zen. Gernikako Jai-Alaiak "Sarrerak agortuta" kartela jarri zuen. Ilara luzea frontoira sartzeko, eta euria barra-barra ari zuen, baina gu lasai geunden aldez aurretik erositako sarrerak poltsikoan genituen eta.

Horrenbeste denbora itxarotea merezi izan zuen, giroa ederra izateaz gain, saioak oso ale politak utzi zituelako. Eta, batez ere, ezin hobeto pasatu genuelako.

Hurrengo hitzordua jarrita dago: BEC (Berbalagun exhibition centre)

BASAURIKO BERBALAGUN AURKEZPEN FESTA


Basauriko berbalagunak aurkezpen jaia izango du azaroaren 15ean. Bertara berbalagun zein berbalagun izateko interesa duzuenok zaudete gonbidatuta.

Gure helburu nagusia giro euskaldun eta jatorrean arratsaldea pasatzea da, eta bide batez elkar ezagutzea eta kide berriei harrera ezin hobea egitea.

Aurkezpen labur eta arin bat egin eta gero, zozketa interesgarria izango da baita mokadutxo gozo-gozoa egiteko aukera.

Azkenik, festa borobiltzeko, sorpresa izugarria izango da. Zer den jakin nahi baduzu bertara hurbildu beharko duzu!!!

2013-11-11

GALDAKAOKO BERBALAGUNON AURKEZPEN FESTA




Galdakaoko berbalagunak eta berbalagun izatera animatzeko interesa daukazuen guztion festa izango da azaroaren 13koa.

Talde guztietako lagunok giro jatorrean arratsalde polita pasatzea da nahi duguna, eta, bide batez, kide berriei behar bezalako ongi etorria egitea.

Aurkezpen labur eta arin bat egin eta gero, Barry Manley bakarrizketalari irlandarraren umoreaz gozatu ahal izango duzue.

Azkenik, festa borobiltzeko, zer jan eta zer edan egon da. Beraz, lasai, mokadutxoa dastatu gabe ez zarete etxera bueltatuko eta!



ANIMA ZAITEZ, EDERTO BATEAN PASATUKO DUGU ETA!!!


2013-11-06

HITZ GURUTZATUEN BASAURIKO III.TXAPELKETA



Aurten ere Basaurin Hitz gurutzatuen txapelketa egingo dute. Bolintxu AEK euskaltegiak eta Enrike Jaio Kultur Elkarteak antolatuko dute ekimen hau hirugarrenez.
Larunbat honetan, azaroaren 9an, izango da goizeko 09:30etik aurrera Eskarabilla txokoan (Renfe geltokiaren ondoan). Bertan, lagun giroan goiza euskaraz emateko aukera paregabea izango duzue. Ez hutsik egin!


Izena emateko edo informazio gehiagorako

bolintxu@aek.org
94 440 82 64