2016-06-26

BAZKARI MUSIKATU ITZELA, IKASTURTEARI AGUR ESATEKO


Lau urte joan dira berbatalde guztiak elkartu eta ikasturtea agurtzeko bazkaria egiten hasi ginenetik. Lehenago, talde bakoitzak berea antolatzen zuen, baina talde kopuruak gora egin ahala, partaide guztiek elkar ezagutzeko zita polita bururatu zitzaigun.

Aurtengo bazkarian, besteetan bezala, berbalagunak eta ikasleak elkartu ditugu; ea datorren urteetan klasetik kanpo gurekin praktikatzera animatzen diren!

13:00etan hasi zen poteoa, eta tantaka hasi ziren etortzen.Batzuk gogotsu lehen momentutik; beste batzuk HABE azterketatik, oraindik azterketa buruan zutela; eta azkenik, bazkarira eta kantaldira etorri zirenak.

Bazkarian indarrak hartu eta kantatzeari ekin genion 16:30 aldera. Jonuren saio bikaina hasi aurretik, diplomak banatu genituen, bidelagunei eta bidelagunik gabe funtzionatzen duten taldeei esker ona adierazteko. Talde guztiak ordezkatuta egon ziren, hiru izan ezik, eta poz-pozik jaso zituzten euren argazkiak.

Ondoren, Jonuren emanaldiaz gozatu genuen. 16 abesti eraman zituen etxetik prestatuak, eta jendearen "beste bat, beste bat...!" oihuek beste bi kantatzera behartu zuten gurekin beti hain ondo portatzen den kantautorea eta bidelaguna. Eskerrik asko, Jonu!


Ikasturtea amaitu da gehienentzat. Izan ere, udako berbalagunak gure hizkuntza praktikatzen jarraitzeko geratu dira datorren astean.

Iraileko topaketan ikusiko dugu elkar. Bien bitartean, ondo pasa oporretan!!

2016-06-20

BARRETERAPIA SAN JUAN BEZPERAN SORGINETXEN


Datorren asteko osteguna, egun berezia izango da euskal herritarrotzat. Arestian bezala, San Juan bezpera ospatuko dugu suaren inguruan lagun artean giro onean eta dantzan. Hainbat izan dira urteetan zehar, solstizioaren garrantzia dela eta osasuntsu eta zoriontsu bizitzeko asmoz egun honetan egin izan diren jarduerak, baita lurraren emankortasuna bermatzeko ere: ispiritu txarrak eta usatzeko sua erabili, goizeko garoaren gainean ortozik ibili geure barruak garbitzeko...

Ba, gauzak horrela, barre egitea baino sanoagorik ez denez, ohitura zahar honi geure gizarte modernoko ohitura gehitu eta barre eginez ospatuko dugu solstizioa!

Animatu eta etorri gurekin!!!

Noiz: ekainak 23, 17:30ean
Non: Sorginetxen (kalero)
Prezioa:  DEBALDE

Eman izena ! Plaza mugatuak dira eta!

BERBALAGUNAK PIRINIOETAN!



Pasa berri den asteburuan Basauriko berbalagunak Nafarroa aldera joan zaizkigu. Espedizio polita atera zen ostiral arratsaldean Izabarantz, nahiz eta eguraldia lagun izan ez.
Bertako kanpinean hartu dute ostatu eta ezin baino hobeto pasa dute jolasak eta , noski, parrilladatxu polita eginda.

Baina dena ez da euria izan eta eguzkia hartzeko para ere izan omen dute.
Baita turismoa egin eta tragoxkaren bat ere hartzeko Izaba eta inguruak ezaguztu bitartean. Ibilalditxoren bat ere egin dutela badakigu.


Argazki politak bidali dizkigute eta kronika bat egiteko eskatu diegu, euren hitzez kontatzeko zeinen ondo ibili diren. Beraz argazkitxu hauekin utziko zaituztegu momentuz, euren istorioak noiz entzungo zain. Hori bai, beitu taldeko artistak egindako margo lana... kar kar kar... oroitzapen polita.

2016-06-15

JOSTUNEN ERAKUSKETA


Zeinen gauza politak egin daitezkeen oihal zati batzuk, haria eta jostorratz batekin! Gaur, ikasturtean egindako lan guztiak aurkeztu dizkigute Galdakaoko berbalagun jostunek. Bertan, AEK-ko ikasleak, beste berbataldeetako kide batzuk eta jostunen ezagunak egon dira, eta txundituta geratu dira denak.


Gainera, bakoitzak egindako lanez gain, denen artean egindako maisulana erakutsi dute. Sekretupean lan egin dute lau hilabetez, otsailean jaio zen dinamizatzailearen semeari oparitu nahi izan diote eta. Pozik-pozik jarri da Manex hainbeste kolore eta animalia ikusi duenean. 


Eta hemen dugu Txaro Arrieta. Apurtutako arropa konpontzen, patchword eta gurutze-puntua lantzen, euskal jantziak egiten eta eskatzen zaion guztiari konponbidea ematen irakasteaz arduratu den emakumea. Bere pazientzia eta maitasunez hau guztia posible egin duen artista.

Datorren ikasturterako proiektuak buruan bueltaka izan arren, orain atseden hartzeko garaia da. Urrian ikusiko dugu elkar.



ZORIONAK GUZTIOI ETA ESKERRIK ASKO, TXARO!!!

2016-06-02

SENDABELARREN INGURUKO HITZALDIA.


Gorbaialdeko baserri eta inguru asko bisitatu ditu Gorka Menendezek, sendabelarren inguruko informazioa bildu eta argitaratu duen liburuan txertatzeko. Atzo, horren guztiaren zertzelada txiki bat entzuteko plazerra izan zuten hitzaldira hurbildu ziren guztiek. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakituria bitxi honetaz hitz egin zigun Gorkak, eta bertan geunden guztion arreta piztu zuen espero ez genituen min askori aurre egiteko irtenbide naturalak daudela jakiteak.

Hori bai, esperimentatzen hasi aurretik, “Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak” liburua irakurriko dugu, bertan den-dena baitago ondo azalduta.